Collabora Office Writerren eginbideak

Collabora Office Writerrek grafikoak, taulak edo diagramak dauzkaten testu-dokumentuak diseinatu eta sortzeko aukera ematen dizu. Ondoren, dokumentuak hainbat formatutan gorde ditzakezu: OpenDocument formatu estandarrean (ODF), Microsoft Word aplikazioaren .doc formatuan, edo HTMLn. Horrez gain, dokumentua erraz esporta dezakezu Portable Document Format (PDF) formatura.

Idaztea

Collabora Office Writerren bidez oinarrizko dokumentuk sor ditzakezu, esaterako, zirkularrak, faxak, gutunak, txostenak eta dokumentu-batzeak, baita dokumentu luze eta konplexuak edo hainbat zatidun dokumentuak ere, bibliografia, erreferentzia-taula eta indizeekin osatuak.

Collabora Office Writerrek horrelako eginbide erabilgarriak ere baditu, adibidez ortografia-egiaztatzaile, sinonimoen hiztegia, autozuzenketa eta hitz-zatiketa, bai eta xede anitzetarako erabili daitezkeen txantiloi asko ere. Txantiloi berriak ere sortu daitezke morroiak erabilita.

Diseinatzea eta egituratzea

Collabora Office aplikazioak dokumentuak diseinatzeko aukera zabala eskaintzen du. Erabili 'Estiloak' leihoa paragrafo, karaktere, marko eta orrialdeentzako estiloak sortzeko, esleitzeko eta aldatzeko. Halaber, Nabigatzaileak dokumentuetan azkar mugitzen, dokumentua eskema-ikuspegian ikusten eta dokumentuan txertatutako objektuen segimendua egiten laguntzen dizu.

Testu-dokumentuan indizeak eta taulak ere sor ditzakezu. Indize eta taulen egitura eta itxura zure beharretara egoki ditzakezu. Zuzeneko hiperesteken eta liburu-marken bidez testuko elementuetara zuzenean joan ahal izango zara.

Autoedizioa (Desktop Publishing) Collabora Office Writerrekin

Collabora Office Writerrek maketazioko eta marrazteko tresna anitz ditu, estilo profesionala duten dokumentuak sortzeko erabili ditzakezunak. Liburuxkak, berripaperak, gonbidapenak eta beste hainbat sortu ditzakezu. Zutabe anitzeko diseinuak erabili ditzakezu, bai eta markoak, grafikoak, taulak eta beste objektu batzuk ere.

Kalkuluak

Collabora Office aplikazioko testu-dokumentuek kalkulu-funtzio integratua dute, eta horrek kalkulu sofistikatuak eta esteka logikoak exekutatzen laguntzen dizu. Testu-dokumentutan oso erraz sor dezakezu taula bat kalkuluak egiteko.

Marrazkiak sortzea

Collabora Office Writerreko marrazte-tresnek marrazkiak, grafikoak, legendak eta beste marrazki mota batzuk zuzenean testu-dokumentuetan sortzeko aukera ematen dizute.

Grafikoak txertatzea

Formatu askotako irudiak txerta ditzakezu testu-dokumentu batean, esate baterako, JPG edo GIF formatua daukaten grafikoak. Horrez gain, galeriak clipart grafiko ugari eskaintzen ditu, eta Fontwork galeriak letra-tipoetarako efektu txundigarriak sortzen ditu.

Aplikazio-interfaze malgua

Programaren interfazea programa zure lehentasunen arabera konfiguratzeko diseinatuta dago, ikonoak eta menuak pertsonalizatzea barne. Hainbat leiho koka ditzakezu leiho mugikor gisa pantailako edozein lekutan, adibidez, 'Estiloak' leihoa edo 'Nabigatzailea' leihoa. Leiho batzuk laneko arearen ertzean ere atraka ditzakezu.

Arrastatu eta jaregin

Arrastatu eta jaregin eginbidearen bidez azkar eta eraginkortasunez lan egin dezakezu Collabora Office aplikazioko testu-dokumentuetan. Adibidez, objektuak (esaterako, galeriako grafikoak) kokaleku batetik bestera arrastatu eta jaregin ditzakezu dokumentu berean edo irekitako Collabora Office dokumentuen artean.

Laguntza-funtzioak

Laguntza-sistema erabil dezakezu Collabora Office aplikazioetarako erreferentzia oso gisa, zeregin sinple eta konplexuentzako argibideak barne.

Emaguzu laguntza!